Irakaskuntza borrokan. Euskal Autonomia Erkidegoan mobilizazioak eta grebak ematen ari dira, azkena abenduaren 12an. Langileen eskakizuna erabat logikoa da: murrizketen garaian galdutakoa berreskuratzea. Hau da, erretiroei jarritako trabekin amaitu, ikasgela bakoitzean dagoen ikasle kopurua (ratioak) murriztea, ordezkapenak lehenengo egunean gauzatzea, langile kopurua handitzea.
FIFA datatik harago
Trantsizio garaian berragerpena egin zuenetik ona, gizonezkoen futbol selekzioak, bat beste, lagunarteko 32 partidu jokatu ditu. Horietatik 21, Euskal Herrian eta Gabonetako datetan izan dira. Beraz, gurean, oso ohikoa izan da, Gabon jaiak euskal selekzioaren partiduarekin lotzea.
10 urtez sortzaileen bozgorailu Ahotsenea
Duela hamarkada bat sortzaileek kaleratutako manifestu batean zioten ez zutela nahikoa euren lanak saltzea. Nahi zutela literaturaz eta musikaz hitz egin. Nahi zutela irakurle eta entzuleek esateko dutena entzun. Nahi zutela euskal kulturaren helburu estrategikoez iritzia eman. Eta hala sortu zen Ahotsenea. Lutxo Egia, egungo arduradunak, esan digunez gune honek ekarpen handia egin die sortzaileei. Goizeko 11tatik 20tara oholtza gainera igoko diren musikarien eskaintza izango da, baina baita galdera erantzunak ere. Gainera, Ahotseneak Landakon duen gunean hausnarketarako parada emango du.
Aitor Sarriegi: “Azken txapelketa dut, eta saio on bat egin nahiko nuke BECen”
BTN17ko azken finalaurrekoan garaipena lortu zuen Aitor Sarriegik. Bigarren itzulira ongi kokatuta iritsi zen, eta ‘beharra’ ere sentitzen zuen finalera sailkatzeko. Nahi baino ‘narratsago’ egin zuela Anaitasunan bertsotan esan digu Sarriegik. Bakarkakoan umoretik heldu zion gaiari, eta ‘asmatu’ egin zuen. Halaber, ez du bere burua asko estutzeko asmorik, ‘ahalik eta tenple onenarekin’ iritsi nahiko luke finalera.
Haize freskoa dakar NOGEN taldeak
Abuztuan kaleratu zuen NOGEN boskoteak LYS izeneko EPa. Hiru kantu bildu dituzte, baina kontzertuetan hamarretik gora abestiko zerrenda dute. Jone Lazpiurrek, Olatz Cuevasek eta Jokin Guilisagastik taldearen ibilbidearen eta anbizioen berri eman digute.
Patri Espinar: “Lortu dudan garaipenik handiena izan da”
Pilotako Euskal Selekzioa iritsi berri da Kolonbiatik. Ez dira esku hutsik etorri, Patri Espinar eta Amaia Araiztegi munduko txapeldun baitira binakako One Wall modalitatean. Horretaz gain, Patri Espinarrek banakako finala ere irabazi zuen. Espinarrek banakako finalean Herbeheretako pilotaria gailendu eta horren segidan Araiztegirekin jokatu zuen binakako finalean Mexikoko selekzioari irabazi zioten. Fisikoki “oso gogorra” izan dela aitortu digu Espinarrek, eta baita gurean jokatzen ez den One Wall modalitatera egokitzea. Baina “oso pozik” dago, lortu duen garaipenik handiena izan dela aitortu digu. Euskal Herria ordezkatzea “ohorea” izan da Espinarren aburuz.
Azkenera arte erresistentzian jarraituko dute Tosun
Getxoko Andra Mari auzoan, metroko geltokiaren ondoan aparkalekua egin eta ondoren hasiko den “pelotazo urbanistikoa” geratzeko erresistentzian dira Tosukoak. Hodeiek esan digunez, astelehenean ertzaintza eta hondeamakinak agertu ziren lursailaren inguruan hesi berri bat eraikitzera. Pertsona bat kateatu zen une hartan. “Erakunde eta eraikuntza enpresen interesak baztertu eta nekazal ingurunea babesteko borrokan” jarraituko dutela esan digu Hodeik.
Neguarekin bat, hemen da Txapelketitisa!
Espero bezala, #BTN17 kausa nagusi duen Txapelketitisak jota dago Mirari Martiarena. Lau urtetik behin epidemia zabaltzen da Euskal Herrian. Sintoma nagusiak: saioetarako sarrerak gotortutako kaxetan gordetzea, kuadernoa eskuan bertsoen puntuazioak egitea, sare sozialetan iruzkinak etengabe jartzea edota saioetako ateak zabaltzerako han egotea. Baina bada bertsoa gustatzen ez dionik, eta Martiarenak esan digunez antibertso mugimendua aurki hasiko da mobilizazioak egiten.
Eüskal selekzioaren mendi martxa Xiberoan
gün on, negüaren lehen hatsarekilan, berriz horra nitaizüe kronika ttipi baten bidez. Urte oroz bezala, Eüskal Selektzioaren Aldeko Mendi martxa bat antolatürik izan da eta aurten, parte bat Xiberotik igaranen da. Üztailaren 29 ean, Oxkaxeko lepotik igaraitez, Donaixti / Urdiñarberat abiatüko da ibilaldia.
Iruñeko bortxaketaren auziaren erpinak landuz [Tertulia]
Gaizka Aranguren eta Mikel Jauregi batu dira gaurko tertuliara. Emakume bat taldean bortxatzea leporatuta Iruñean epaitzen ari direnen auzia eta Frantziar estatuan IEHko ordezkaritza presoen salbuespenezko neurriak bertan behera uzteko egiten ari diren harremanak izan dituzte hizpide. Azkenik, Espainiako Fiskalburuaren heriotzaren ondoren sare sozialetan egindako aipuak ikertzeko deliberoaz jardun dute.