Donostiako Zinemaldiko gako nagusiak

Maialen Goñi zinea.eus-eko lagunak ostiralean hasiko den jaialdiko sekzio ezberdinak aipatu dizkigu. Hiru Donostia Sari banatuko dira aurten. Sail ofizialean Handia eta Morireuskal filmak lehiatuko dira. Bestalde euskal zinearen Zinemira atalean bost film ikusi ahal izango dira, eta Kimuakatalean beste zazpi. Askoz gehiago ere kontatu digu Goñik.

Usurbil antzerki transgresiboaren topaleku

Gaurtik larunbata bitartean Jauzi! antzerki egunak izango dira Usurbilen. Transgresioa dute ardatz aurten. Baina antzerkiaz haratago, hitzaldi eta tailer ezberdinak antolatu dituzte. Muxurbileko Ixabel Agirresarobek eta Euskal Herriko Antzerki Zaleen Elkarteko Eñaut Gantxegik eman dizkigute azalpenak.

Ez dago herri musikarik aldatzen ez denik

Oiartzungo Juan Mari Beltranekin aritu gara herri musikaren inguruan. Pasioa da berea, txalaparta, alboka, dultzaina eta txistua jotzen ditu. Zer eta 30 mila urte dituen txirula baten erreplika ere jo du guretzako.

Turismo masifikazioak dakartzan aldaketak Donostiako Koldo Mitxelenan

Azken aldian turismoaren ereduari buruzko eztabaida dago kalean. Horren karietara, bidaiaren masifikazioak eragindako gizarte eta hiri aldaketa irudikatzen ditu Donostiako Koldo Mitxelenan dagoen ‘Turismoak’ izeneko erakusketak. Maite Bidartek Itziar Gutierrezen gidaritzapean eman digu erakusketaren berri.

Bertsolarien intelektualtasun eza aldarrikatuz

Bertsolariak, orohar, ez dira intelektualak. Hala aldarrikatu du berriki Bertsolaria aldizkarian idatzitako artikulu batean Oihana Bartrak, eta hala berretsi du gurean Ane Labaka bertsolariak. Ez, ez dakite denari buruz, ez dute iritzia guztiaz. Baina kantuan segiko dute, ikasiz eta prestatuz, beti ere, intelektualak ez direla aldarrikatuz.

Lauaxeta: literatura, kazetaritza eta politika, tresna guztiak nazio independiente bat sortzeko

Olerkaria eta kazetaria izan zen Lauaxeta, poesiak ematen duen sakontasuna eta kazetaritzak ematen duen egunekorokotasuna uztartuz bere lanean. Politikan ere murgildu zen. Lauaxetaren biografia idatzi zuen Jon Kortazarren esanetan “lan handia egin zuen PNVren eta aberriaren alde”. Europako modernitatea euskarara ekartzen saiatu zen, besteak beste, Lizardirekin batera, euskal pizkundea izenez ezagutzen den mugimenduaren baitan. Lauaxetak berak esana da berritzaileak zirela, bide berriak bilatzen zituztela bai literaturan, baita politikan ere.

Virginie Despentes, bortxaketaren kultura, pornografia nahiz prostituzioa ardatz dituen idazle frantziarra

Udararako literatur gomendioa egin digu Danele Sarriugartek, Virginie Despentesen lana ezagutzeko gonbidapena zehazki. Berriki argitaratu dute euskaraz King Kong teoria idazle frantziarraren saiakera, halaber, eleberri ugari idatzita ditu Despentesek, tartean, Vernon Subutex trilogia.

Euritan, militantziaren irudikapen bisuala abiapuntuan duen film laburra

Kimuak egitasmoaren 20. edizioan hautatu dituzten 7 film laburren artean aurkitzen da Euritan, Irati Gorostidi eta Arantza Santestebanek zuzenduriko lana. Egitasmo honen helburua Euskal Herrian sorturiko film laburrak hemen bertan eta baita nazioartean ere hedatzea da. Urtero bezala lan mordoa aurkeztu dituzte, zehazki, 51. Epaimahaiak 7 hautatu ditu eta Donostiako zinemaldian aurkeztuko dituzte ofizialki. Euritan filmaz aritu gara gu Gorostidirekin.

Ikusmira Berriak deialdiak erabateko arrakasta lortu du parte hartzea %300 handituta

Kultur proposamenen tartean Ikusmira Berriak egitasmoaz arituko gara Maialen Goñi Zinea.eus lantaldeko kidearekin. Ikus-entzunezko proiektu esperimentalei zuzenduriko egitasmoak hirugarren edizioa du aurtengoa. Lau proiektu hautatzen dira eta egileei hilabeteko egonaldia eskeintzen zaie euren proiektua garatu dezaten. Aurten, besteak beste, Maider Fernandezen Las letras de Jordi proiektua hautatu dute. Berarekin ere aritu gara hizketan. Amaitzeko, Canneseko festibalean Netflixek aurkeztu dituen bi filmeen inguruan sortu den polemikari erreparatu diogu.

“MAX sarietan 7 izendapen jasotzea da aitortza”

MAX sariak banatuko dira datorren astelehenean eta KUKAI dantza konpainiak 7 izendapen jaso ditu. Dantza ikuskizun onenaren saria, arte eszenikoen ekoizpen pribatuarena, espazio eszenikoarena (Marcos Morau), jantzi onenen saria (Iraia Oiartzabal), argiztapen onenarena (David Bernues), dantzari onenarena (Martxel Rodriguez) eta dantza antzezle talde onenarena (Jon Maya, Eneko Gil, Martxel Rodriguez, Ibon Huarte, Urko Mitxelena eta Alain Maya). Jon Maya eta Iraia Oiartzabalekin hitz egin dugu sari banaketaren atarian.