Zebrabidea berriz bueltan da!

Berrituta ekin dio aurtengo denboraldiari Zebrabideak. Lehenik eta behin, Gure Irratiako esatari Ihintza Arrietarekin hitz egin dugu, euren zonaldeko euskararen inguruko berriez. Ondoren, Euskal Herriko Bilgune Feministako Saioa Iraolarekin joan den asteko Bilgune Kontarin landutako gai nabarmenen errepasoa egin dugu. Elkarrizketa, berriz, Kimutx egitasmoko Ane Elordiri egin diogu, haur gorrentzako sortu duten Zeinutx ipuin bildumaren sortzaileetako bati. Ondoren, euskal antzerkigintzaren tartea estreinatu dugu, eta EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko koordinatzaile Itziar Eliasekin hitz egin dugu. Amaitzeko, gaur Basaurin aurkeztuko duten Hego Uribeko Geuria herri komunikabide berriko zuzendari Jon Villapunekin egon gara.

Eusko gudariak Frankfurteko aireportuan

Josu Txapartegik Alemaniako poliziaren agindupean Eusko gudariak Frankfurteko aireportuan jokatzea izan zenaren anekdota kondatu digu.

Hemengo eta garaiko produktuak

Ostegunero gure herrietako azokei eta bertako eta garaiko produktuei begiratzen diegu Lierni Elortzaren laguntzarekin. Gaur aipatu ditugunak: bertako baserrietako garaiko barazkiak protagonista 12 hilabete 12 produktu ekimenean, aire libreko barazkiak (luzokerra, italiar piperra…) eta Gipuzkoako Batzar Nagusiko bilerak udaletxe inguruan sortutako giro aparta.