Gureaz blai

Euskarara itzulitako liburu bat gaztelaniara itzulitakoa baino garestiago ote den galdetuta, dendariaren erantzuna: “Noski, hau itzulpena da”. Zer erantzungo zenuke zuk? Egoera hori landu dute Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak Nola entzun, hala erantzun atalean. Egin kontu tartean, berriz, Iñaki Arantzabal informatikariak bat egin du eurekin, eta euskaldunei euren euskara hobetzeko sareko baliabideen berri eman die.

Gureaz Blai: 56 irratsaioa

Arloz arloko (kirola, kultura, enpresa mundua, komunikazioa…) lider sozial edo pertsona ezagun euskaldunak elkarrizketatuko genituela hitz eman genizuen, eta politikari bat izan dugu gaur gure artean; Ander Rodriguez Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte politiketako diputatua, hain justu. Bere ingurune pertsonala erdalduna izaki, jendaurrean euskaraz aritzeko segurtasuna falta zaiola aipatu digu. Baina gaineratu du poliki-poliki horretan ari dela, eta euskara maila hobetzeko erronka jarri diola bere buruari.

Gureaz Blai: 55. irratsaioa

Gonbidatu bat batu da gaurko Gureaz Blaira, Kontseiluko kide Maite Inda, hain justu. Iruñeko guraso talde batek abian jarri eta herrigintzako eragile askok babestutako ‘Haur eskolak euskaraz’ dinamika izan dute hizpide berarekin. Iruñeko Udalak haur eskoletan euskara eskaintzeko eskaririk ez dela esaten badu ere, eskariak biltzeko kanpaina abiatu dute, eta egunez egun gora egiten ari da eskaera kopurua. Horrez gain, Indak salatu du matrikulatzerako orduan gurasoei haur eskola zein hizkuntzatan izatea nahi duten ere ez diela galdetzen udalak.

Gureaz Blai: 52. irratsaioa

Gaurkoan, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 20. urteurrenaren harira egindako hausnarketaren ondorioak izan dituzte hizpide Nekane Zinkunegik eta EMUN kooperatibako Ainhoa Lasak. Hain justu, UEMAko koordinatzaile Miren Segurola elkarrizketatu dute, eta hark udalen euskalduntzean urratsak egiten jarraitzeko abian jarri duten metodologia berria zein den azaldu die.

Paxcal Indori elkarrizketa, Seaskaren protesta bati lotuta 3 lagun deklaratzera deitu dituztela jakin ostean

IEHko Ikastolek bizi duten egoeraren aurrean eta Seaska Parisi irtenbide eske dabilenean, poliziak 3 lagun deklaratzera deitu ditu, Paxcal Indo Seaskako lehendakaria tartean. Otsailaren 1ean protesta burutu zuen Seaskak Baionako suprefeturaren aurrean, Ikastolek lege propioa behar dutela aldarrikatuz. Hainbat arrautz bota zituzten Frantziako gobernuaren egoitzara eta horren harira deitu dituzte deklaratzera 3 lagunak datorren ostiral eta astelehenean. Paxcal Indorekin izan gara, azken gertaera hau baloratzearekin batera, Ipar Euskal Herriko Ikastolen egoeraz mintzatu gara berarekin.

Menpeko finantza ekarpenez mintzatu zaigu Joseba Barandiaran ekonomilaria

Eroskiren menpeko finantza ekarpenak erosi zituzten hainbat herritarrek ADICAE elkartearen bidez aurkeztu duten salaketa kolektiboaren epaiketa hasi den egunean, finantza erakundeek merkaturatutako produktu hauez mintzatu gara Joseba Barandiaran ekonomilariarekin.

Sebastian Castet: “Frantziako konstituzioan, legez berretsi nahi dute, frantsesa dela hizkuntza bakarra”

Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko proposamena eraman du alderdi sozialistak Parlamentuko lege batzordera. Bi orduko eztabaidaren ostean proposamena Frantziako Parlamentuan aztertzea erabaki dute. Kezkatuta mintzatu zaigu Euskal Konfederazioko Sebastian Castet, Konstituzioan txertatu nahi duten artikulu berriaren formulazioak frantsesa mantentzen duelako Estatu frantziarreko hizkuntza bakar gisa. Euskal Konfederazioak Ipar Euskal Herrian euskararen alde lan egiten duten elkarteak biltzen ditu, hala nola, Ikastolen Elkartea, AEK nahiz Euskal irratiak.