TI-TA PODCAST BAT EGITEKO SOS GIDA
Testu hau irakurtzeko denbora: 10 minutu ozta-ozta
Zure lehen podcasta egiten inbertitu beharreko denbora, batez bestean: ordubete-bi ordu
1. Oinarrizko beharrak
Hasteko, internet konexiodun ordenagailu bat edo mikrofono bat; mikrofono gisa zure segapotoa erabiltzeko aukera ere badago, gailuak onartzen badu. Ordenagailua izango da zure oinarrizko tresneria, zure “estudioa”. Internet konexioari esker, beharrezko izango dituzun programak jaisteko aukera izango duzu. Eta mikrofonoa edo sakelakoa, zertarako? Esan beharrik ere ez dago motel!
2. Mikroa
Ordenagailu gehienek lantegitik instalaturik ekartzen dute barne-mikroa. Grabaketa itsuroso bat egiteko aukera ematen dute horiek. Zeureak horrelakorik ez badu, iskina guztietan dauden teknologia-saltoki horietako batean topatuko duzu bat. Merkeena euro baten truke eta hortik gora nahi arte…
3. Soinu programa
a) Soinua editatzeko programarik bakunenak eta eskura duzunak (software librea) Audacity du izena . Ziztu batean jaitsiko duzu amaraunetik, jada ez baduzu. Windows, Linux eta Mac sistema eragileen gainean ibiltzeko bertsioak dituzu gunean. Aukeratu behar duzuna eta instala ezazu ohiko pausuak jarraituz.
b) Bigarren instalatze-fitxategi bat ere jaitsi beharko duzu (LAME MP3 encoder). Azken honekin mp3 jole batek ezagutu eta beraz podcast bihurtzeko beharrezkoa den formatura eraldatuko dituzu Audacityrekin sortutako audioak.
Jaitsi bi fitxategiak.
4. Prestaketa lanak
Behin Audacity instalatu eta mikroa soinu-sarrera gisa (Mic) dabilela egiaztatuta, prest gaude zure lehen podcastaren grabaketari ekiteko.
Ez legoke batere txarto, ordea, aurre prestaketa lan batzuk burutuko bazenitu, adibidez: esateko duzunaren “gidoia”, erabiliko duzun musika, buruan dituzun ahots eta soinu-efektu horiek…
Zenbat eta gehiago prestatu, orduan eta errazago editatuko duzu zure lana. Grabatu aurretik saiakera batzuk egitea ere komenigarria da noski.
Podcasta jarraian graba genezake, edo zatika, hau da, soinu zati ezberdinak moztu eta itsatsiz. Pista batean edo gehiagotan, nahi bezala edo ahal bezala, bakoitzaren abileziaren arabera.
5. Grabaketa
Podcast bat egitearen zailena, hastapen batean bederen, grabaketa prozesua da.
a) Zure ahotsarekin Pista Bakarra grabatzeari ekin diezaiokegu. Hori erdietsita, “bizitza konplikatzeko” unea iritsiko da, hau da; beste soinu batzuk daramatzaten pistak gehitzekoa: musika, atzeko soinuak… Baina has gaitezen hastapenetik! Behin Audacity irekita, botoi-sorta bat ikusiko duzu goialdean, edozein musika jogailuren berdinak: sakatu “record” botoia eta nahi beste hitz egin.
b) Entzun grabatutakoa “play” botoia sakatuta. Egindakoa gustatu bazaizu Fitxategi menuan aurkituko duzun “gorde honela…” agindua erabiliz gordetzeko aukera duzu. Hortxe dugu podcastaren ahots oinarria.
c) Fitxategi horren gainean praktikatu beldurrik gabe soinu edizioa. Pasarte ezberdinen ordena alda zenezake, testuarekin egin ohi dugun bezala (aukeratu soinu tarte bat- belztu egingo da – eta egin betiko “moztu/itsatsi”). Gustuko ez dituzun audio zatiak ere ezaba ditzakezu, pasarte horiek hautatu eta teklatuko “deleit” tekla sakatuta.
d) Oinarrizko soinu horri efektuak eransteko aukera ere baduzu: oihartzuna, tempoa mantsotu, tonua igo, isiluneak sortu, batu eta beste makina bat sorginkeri. Zeure pistaren gainean efektuak eragiteko prozedura arestiko bera da: hautatu soinu tartea eta Efektuak menutik aplika iezaiozu desio den efektua. Gustuko ez baduzu, edo hanka sartuz gero, “desegin” funtzioa erabiltzea besterik ez duzu. Hori bai, garrantzitsua da lana borobiltzen joan ahala aldaketak gordetzen joatea.
e) Orain, “bizitza konplikatzeko” tenorea da, hots, zure podcastaren maila nabarmen goratzekoa. Bigarren Pista batekin lan egingo dugu, adibidez bertan fondoko musika sartzeko.
f) Bigarren pista hau fondo gisa erabiltzeko edo lehenengoari gainjartzeko, erabili edizio-leihoko “inportatu” agindua. Horrek musika edo soinu fitxategi bat – nahi duzuna – aukeratzen utziko dizu eta zure ahotsa grabatu zenuen Lehen Pistarekiko paraleloan bigarren leiho bat irekiko du datu horiekin.
g) Bigarren Pista honek lehenarekin batera erreproduzituko du bertako musika edo soinua. Pista bakoitzarekin bere aldetik aritu lanean: bakoitzaren bolumena egokitu, garbitu, pasarte batzuk aukeratu eta beste batzuk deuseztu…
h) Behin bi pistak zure gisara doituta, batera gorde beharko dituzu, soinu fitxategi bakar batean. Hori egitea erraza da: Fitxategi menura joan eta “gorde honela…” agindua eman. Audacityk automatikoki gordeko ditu bi pistak fitxategi bakar batean.
Zorionak! Soinu teknikaria bihurtu zara! Segi praktikatzen!
6. mp3 bihurtzea
Behin grabaketa-lanak burututa (egin duzu maketa: ahotsa + soinua), fitxategia mp3 formatura bihurtzeko unea heldu da, podcast bihurtzeko. Audacityk, lehenetsita, mp3a ez den beste formatu batean gordetzen ditu fitxategiak. Maketa formatuz eraldatzeko, Fitxategi menuan “esportatu mp3 bezala” agindua hautatzea besterik ez duzu. Esan diozun tokian gordeko du Audacityk fitxategia, baina oraingoan mp3 formatuan.
Sortu dugun fitxategia “arin” samarra da, lauzpabost minutuko iraupenekoa behar dugulako erakustaldi honetarako. Baina dagoeneko arinetik gutxi duela jabetuko zara…
7. Eltzea sutan frogatzeko unea
Soinu artxiboa ohiko musika joleekin (VLC, iTunes, Realplayerm Windows Media, Winamp…) entzuteko moduan dago orain. Egizu froga eta entzun zure lana!
8. Sindikatzea
Azkenik – ba zen garaia! – fitxategia podcast bihurtzea besterik ez zaigu falta (teknikoki, “sindikatzea”) eta sarera igotzea, ez baitu balio zure sormena gure epostara besterik gabe bidaltzea!
Litekeena da, hasieran, urrats hau ulertzen zaila egitea, baina izan konfiantza! Hauxe da podcastaren muina!
Podcastinarekin lehen esperientzia sakon hori bizi ondoren, azken urrats hau egiteko nekatu antza sentituko zara agian. Baina arren, ez bota azken hatsik oraindik!
Beste ezer baino lehen, igo mp3 fitxategia zure zerbitzarira edo blogera, edo mp3 fitxategiak edo podcastak onartzen dituzten edozein tokira (esaterako, soinuola.net-era). Jarri gurekin harremanetan!
Horren erraza da.
Ongi etorri Podcastinaren mundu eder nahiz hasieran konplexu samar honetara!