Asteburuan Laudion Aiaraldeko Azoka Sozialaren lehen edizioa egingo dute, ‘Kontsumitzen duguna gara, bizitzeko alternatibak’ lemapean. Bizitza zein kontsumo alternatibak izango dira hizpide, mota horretako proiektuak garatzeko asmoa baitute eskualdean. Larunbatean tokiko ekoizleen eta proiektu eraldatzaileen azoka egingo dute. Aurkezpen maratoia ere prestatu dute, bizitzako hainbat esparrutan eragiten duten egitasmoak ezagutzera emateko: moneta sozialak, etxebizitza komunitarioak, energia berriztagarriak, eskola jantokiak, banku eta kreditu entitate etikoak esaterako.