Atzo irten zen A Lamako Pontevedra espetxetik eta gaua Galizan igaro ostean, Euskal Herrira itzuliko da gaur Joxe Mari Olarra. Hain justu, etxera itzultzeko bideari ekin aurretik egin diogu elkarrizketa Kalegorrian saioan eta kartzelako bizipenen inguruan nahiz Euskal Herrian bizi den egoera politikoaz galdetu diogu Olarrari. Batetik, barruan utzi dituen kideak izan ditu gogoan Olarrak eta bestetik, Euskal Herrian ireki den aro politiko berrian konfiantza osoa duela nabarmendu du. Joxe Mari Olarraren hitzetan une hauetan Estatuak duen giltza bakarra espetxeetakoa da, beste guztia gure esku dago. Horrekin lotuta, aurreko igandean Berria egunkariari eskainitako elkarrizketan Arnaldo Otegik egin zituen baieztapen guztiekin guztiz bat” datorrela gaineratu du Joxe Mari Olarrak eta espetxean egon den denboran, Otegirekin harremana izan duela baieztatu digu.